lunes, 1 de diciembre de 2014

Sarrera: Kirolaren Onurak


Aspaldi dakigun kontua da kirolak hainbat onura sortzen diela ume eta gazteei. Besteak beste, hezkuntzan, sozializazioan, jokabide arriskutsuak saihesten, norberenganako konfiantza hartzen eta osasun fisikoan ere zerikusi handia du. Gazteek kirola egiten dutenean aipatu diren ezaugarri asko, behin hartuz gero, bizitza osorako manten daitezke, adibidez kirola egitean ikasten den diziplina eta araudien errespetua. Baina, beste batzuetan aldiz, kirolak sortzen duen onura aldi batekoa da, eta onurak mantendu nahi badira kirola bizitza osoan zehar egin behar da. Honen adibide argia da kirolak osasunean duen eragina.



Kirolaren onurak osasunean ia beti ariketa fisikoari lotuta daude. Horregatik kirolaren onuraz hitz egiten ari garenean, osasunari loturik dauden ezaugarrietan behinik behin, ariketa fisikoaren onuraz hitz egiten ari gara. Osasuna mantentzeko kirola edo ariketa fisikoa jarraitua izan behar duenez, egokia litzateke ume eta gazteek betiko finkatu daitezkeen kirol eta ariketa fisikoaren ohiturak hartzea.



Kontuz ibili behar gara eta ez dugu kirola lehiakortasun batean bihurtu behar.  Hau dela eta, egokia litzateke lehiari loturik ez dauden eta bizitzaren epe luze batean manten daitezkeen ariketa fisikoak haur eta gazte guztiei eskaintzea.


Lan honen helburua ez da kirola eta ariketa fisikoaren murriztea aztertzea umeak hazi ahala, baina hainbat datu aipatzea egokia litzateke iraunkortasunaren garrantzia finkatzeko. Adibidez ikusi da 14-16 urte artean, lehenago nesketan mutiletan baino, sedentarismoa izugarri handitzen dela eta honekin batera kirol lizentzien murrizketa handia gertatzen da. Lehen aipatu bezala, ariketaren eraginak osasunean itzulgarriak direnez datu hau nahiko kezkagarria iruditzen zaigu.


Ariketa fisikoak osasunaren alor ezberdinetan zerikusia du nagusiki, hala nola;


Ariketa fisikoa eginez bihotz eta odol-hodietako gaixotasuna izateko arriskua modu adierazgarriz jaisten da. Ariketa fisikoak eragin nabaria du bihotzaren funtzioan, bere bolumena eta indarra handitzen baititu, uzkurtzeko gaitasuna hobetuz. Honek aurrerantzean garrantzia izango du bihotz indartsu batek lagunduko baitigu heldutasunean eta zahartzaroan gertatzen diren bihotz arazoei aurre egiten. Odol hodietan ere onurak sortzen ditu ariketa fisiko jarraiak odol hodi gehiago sortzen laguntzen baitu, horrela oxigenoa eta elikagaiak hobeto iritsiko dira muskuluetara.




Hezurrek eta muskuluek gure gorputz masaren % handia osatzen dute. Haiei esker mugitu gaitezke eta jarrera manten dezakegu. Gure hezur edo muskuluek indarra galtzen badute mugimenduak galarazten dira eta indar galera handia bada, zahartzaroan gertatzen den bezala, edozein oztopoaren aurrean gure jarrera bertikala gal dezakegu.


Zahartzaroan, erortzeen ondorioz, aldakaren haustura gerta daiteke, hilkortasun handia eragiten duena. Ariketa fisikoak muskuluaren garapenean eragin nabaria du. Gazteetan muskuluen garapen egoki batek zahartzarora indar handiagorekin heltzea eragin dezake.


Obesitatea eta gehiegizko pisua azken urte hauetan haur eta gazteetan izugarri handitu dira. Euskal Herriko Unibertsitatera iristen diren eta gazteen %25 baino gehiagok gehiegizko pisua du eta %5 baino gehiago obesoak dira. Estatu Batuetan datu hauek oraindik kezkagarriagoak dira. Epidemia honen eragileak bi dira nagusiki, alde batetik elikadura ohituren aldaketa eta bestetik ume eta gazteetan gertatu den ariketa fisikoaren murrizketa. Ezaguna da ariketa fisiko jarraiak obesitatea murrizten duela.



Ariketa fisikoak berez ez du eragin handirik arnas aparatuaren ahalmenetan. Ordea ariketa fisiko jarraituak arnas aparatuan badu eraginik, intentsitate berean egindako ariketan aireztatzea gutxitzea eragiten baitu. Oro har, entrenatutako pertsona batek, sedentario baten aldean, aire gutxiago sartu behar du biriketan ariketaren intentsitate bera egiteko. Hau garrantzitsua izango da asma bezalako gaixotasunetan, non pertsonak arnas egiteko zailtasunak dituen. 



Azkenik, diabetesa kontrolatzeko eta aurreikusteko ezinbesteko neurria da kirola. Bi motako diabetesa ezagutzen dira I motakoa intsulinaren gabeziarekin gertatzen dena eta haurtzarotik antz eman daitekeena eta II motakoa, intsulina dagoenean baino ez denean eraginkorra. Hau gehienetan zahartzaroan gertatzen da eta askotan loditasunari lotuta. Gaur egun jakina da bai muskulazio eta bai iraupen luzeko ariketa egokia dela II motako diabetearen arriskua murrizteko. Azken urteetan II motako diabete kasu gehiago behatu dira ume eta gazteetan, sedentarismoa eta gizentasuna handitzearekin batera. Ariketa fisikoak eragin bikoitza du gaitz honetan alde batetik intsulinaren sentikortasuna eta glukosaren garraioa muskuluetara handitzen du eta bestetik gizentasuna murrizten laguntzen du. Pisu galera txikia izanda ere, glukosaren tolerantzia nabariki hobetzen da. Esan beharra dago II motako diabetearen kasuan ariketa prebentziorako eta tratamendurako balio duela.


Glukosaren garraioa muskuluetara handitzen duenez ariketa fisikoa I motako diabetearen kontrolean erabil daiteke. Diabetikoek ariketa fisikoa egiten dutenean bere tratamenduaren (intsulina edo ahozko antidiabetikoak) dosiak egokitu behar dituzte, bestela hipogluzemia gerta daiteke. Diabetikoen kasuan egin beharreko ariketa izan dezaketen beste gaitzei egokitua egon behar du eta berotzean, hidratazioan, glukosa mailetan eta oinen higienean arreta berezia jarri beharko da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario